| |
Flandrian Xabier Montoia jarriko dugu !
17.12.2002 - 19:06
Kaixo,
Ez dakit zer gertatu da, baina, bere musika jarriko dugu gure herriko irratian ta jaietan.
Agur bero bat Flandriatik!
Txarli
Bere diskoak pintxatuko ditugu
17.12.2002 - 19:14
Adierazpen askatasunaren alde! guk ere xabier montoiaren musika (M-ak, Xabier Montoia, Koipe...) pintxatuko dugu irratian.
Mundu guztiak entzun beza! Zentsurarik ez.
jalgi hadi mundurat! jalgi hadi plazarat!
jalgi hadi dantzara!
Homepage: http://irratia.com
jalgihadi
eitb-k.... ez nau harritzen
18.12.2002 - 18:36
Ez da lehenengo aldia izango EITBk horrelakoak egiten dituena. Horrelako gauzak argi uzten dute mass-media bakoitza zein aldetan dagoen: eitb, diruaren aldean.
EUSKALDUNAK IZANGO DIRA, BAIE EZTIRA HERRIARENAK! Aupa Xabier Montoia, hi haiz hi!
Arrietium
Hemen dago gakoa, DEIAri emandako elkarrizketa
18.12.2002 - 19:35
Hona hemen zentsura istorio honen arrazoia. Kontua da tipoak, besteak beste, Euskadi Gaztea eta Klaudio Landa kritikatu dituela. Horregatik, iritzi (zilegi) horiek gustatu ez zaizkielako zentsuratu dute Montoia euskal irrati publiko horretan.
Irakurri dut elkarrizketa eta orokorrean ados nagoela esan dezaket. Beraz, nire elkartasuna doakio Xabier Montoiari hemendik.
Elkarrizketa Googleren cache-tik hartu dut:
http://216.239.39.100/search?q=cache:tw0GWvEpH78C:www.deia.com/29-10-2002/29ortza05A.htm+xabier+montoia+euskadi+gaztea&hl=eu&ie=UTF-8
Elkarrizketaren testua:
«Euskal herri osoa simulakro bat da, dena da itxura, dena da gezurra»
xabier montoia musikaria
Testua: Nagore Ferreira Zamalloa Argazkiak: Jose Sampedro Bakarkako laugarren diskoa aurkeztuko du datorren astean Xabier Montoiak Metak diskoetxearen eskutik. ?Ni ez naiz Xabier Montoia? izenburu bitxia ipini dio lanari, eta azalean bera ez den mutilaren argazkia: «Taldeko baxu-jolea da; taldeko gazteena eta guapoena».
Diskoaren izenburua nahikoa bitxia da. Zergatik ipini diozu ?Ni ez naiz Xabier Montoia? izenburua?
Ez nuen uste hori izango zenik lehenengo galdera... Ea... Izenburu bat behar zen, eta iruditu zitzaidan hori izan zitekeela beste edozein bezain egokia. Izenburu horrek badauka arrazoi bat, ez dago halabeharrez ipinita. Baina, nik uste dut izenburu horrek biltzen duela, nolabait, diskoko kantek adierazten dutena. Disko osoaren laburpentzat jotzen dut ?Ni ez naiz Xabier Montoia?. Ez zait gusta-tzen, eta horretaz aparte uste dut, edozein arte lanean gauzak ez zaizkiola entzule, irakurle edo dena delakoari xehe-xehe eginda eman behar.
Hartzaileari ere zerbait eskatu behar zaio, orduan.
Askatasuna utzi behar zaio. Disko hau entzuten duen bakoitzean ulertuko du ?Ni ez naiz Xabier Montoia? hori era ezberdinetan, entzule bakoitzaren baitan, eta horren arabera. Oso pedante ipinita aipa nitzake hainbat idazle, kon-tzeptu hori erabili izan dutenak, batez ere XX. mendean. Bi hitzetan esateko, nire iritziz, izenburu horrek adierazten du beti egoten den tentsioa, kontraesana batzuetan, besteek nola ikusten gaituzten eta norberak bere burua nola ikusten duen artean.
Izenburuak diskoa laburtzen du. Laburpen luzeagoatxoa egin zenezake?
Diskoaren gaia biltzen du, kantuen hitzak.
Nolakoak dira, bada, berba horiek?
Lehengora itzultzen gara: ni ahalegintzen naiz hitzak xehe-xehe ez ematen. Azken finean, nik ez daukat mezu bat inori emateko. Ni musikan nago musikagatik, musika maite dudalako, eta niri benetan gustatzen zaidana musika bera da. Diskoaren izenburua bezala hitzak ere entzule bakoitzaren esku uztea. Gainera, uste dut abestiak ez direla poemak. Olerkiek euren autonomia dute, esanahia dute berez, baina kantuetan ezin da bereiztu hitzak eta musika.
Zeintzuk dira abestiotan agertzen diren gaiak?
Giza-harremana da gai nagusia; jendearen arteko harremanak, bikoteen artekoak, Euskal Herri barrukoak, euskaldunon artekoak, etabar. Nire disko guztietan bezalaxe, bestalde.
Diskoko kantuak ezkorrak direla irakurri dut nonbait...
Galdera hori lehenengoz egin zidanak hiru kantu besterik ez zituen entzunda...
Beraz, gainerakoak baikorrak izan daitezke...
Hori da, hori da. Nik ez dut uste ezkorrak direnik. Nik idazten dut ikusten dudana, eta ikusten dudana horrela baldin bada ez da nire errua.
Ezkorrak izatea leporatzen dieten askok errealistak direla esaten dute...
Ezkorrak niretzako ez du gauza handirik esan nahi: niretzat gauza bat izango da, beste batentzako beste bat... Lainoa da, erlatiboa da oso. Nire ustez, diskoko hitzak ez dira ezkorrak, batere ez.
Diskoak saltzeko errezetarik ez duzu aurkitu oraindik, ez?
Diskoak saltzea ez da sekula nire kezka izan. Nire kezka da buruan entzuten dudan musika disko batean edo kanta batean jartzea; hori da nire eginkizuna, hori da nire asmo bakarra.
Saltzen ez duzulako egin duzu grabazioa lagun baten etxean?
Grabazioa erabat, guztiz ?kaseroa? izan da. Gauzak beti konplikatzen dira alde batetik, baina beti egoten da irtenbideren bat. Nire salbabidea teknologia berriak izan dira; horiei esker ez dugu estudioekiko orain arte izan dugun menpekotasuna. Askatasun izugarria ematen du teknologiak. Ez nuke disko berririk izango eurei esker izango ez balitz.
Hain zaila da dirua topatzea?
Oso. Inork ez du dirua galdu nahi, nik ere ez. Musikan beste edozein alorretan gertatzen dena ikus genezake: dirua daukanak dena oso erraz lortzen du, dirua ez daukanak ez. Horrek musikan zer esan nahi du: arrakasta duenak, disko asko saltzen duenak, bere esku ditu estudiorik onenak, baldintzarik onenak, gutxiago saltzen duenak bitarteko eskasagoak izango ditu... Hori da kontua.
Non edo nola inspiratzen da Xabier Montoia?
Ez dut leku berezirik, ez modu berezirik, ez dut sekreturik. Badakit topikoa dela, baina inspirazioa beti etortzen da...
Lanean?
Lanean ari zarela, bai.
Euskal musikari dagokionez, nola ikusten duzu egoera?
Sorkuntzari dagokionez inozkoen onena dela pentsatzen dut.
Fermin Muguruzak elkarrizketa batean zioen Rock Radical Vasco delako horren nostalgiak kalte handia egin diola euskal musikari...
Baina, ni ez naiz horretaz ari... Niretzako rock erradikala zaharra zen sortu zenean ere, eta ez zen erradikala batere, ez zen ia-ia rock ere, bakarrik zen ?vasco?, eta ez euskalduna.
Zer da nostalgia hori, hortaz?
Hernanira joaten naiz , jaiak dira, txosnak daude, azken 20 urteetan joan naiz eta urtero entzun dut La Pollaren ?Salve?. Urtero-urtero. Mundua aldatzen da, musika joaten da, etortzen da, baina giro ba-tzuetan, ideologi zehatz bateko giroetan, nostalgiak jota daude. Lehengo abesti horiek soilik entzuten diren lekuetan ez dute Fermin Muguruzaren disko berriko abestirik entzungo, edo Pettirenak, edo...
Ez aldatze horrek izango du arrazoiren bat, ez?
Badut susmoren bat edo beste, baina ez nago seguru. Jende mota baten artean, eta egunkari zehatz batean hor daudela oraindik denbora pasatu ez balitz bezala ia-ia. Baina, beste aldekoek ere, ez dute batere laguntzen, Euskadi Gazteak, esaterako. Errazago entzungo duzu ?Los Planetas? edo los-ez-dakit zer hemengo bat baino, zori-txarrez.
Kanpokoa hobea delakoan daude asko eta asko...
Bai, baina ez hori bakarrik. Diskoetxeek bidaiak eskaintzen dituzte Ameriketara honen edo bestearen kontzertua ikustera... Horrela da. Ez da susmoa, horrela dela badakit.
Egia esan, egun aukera gutxi dago: Bisbal eta lagunak tabernetan edo La Polla txosnetan...
Taberna oso gutxi daude, ghettoak direnak, musika ona entzuten dena. Orain 20 urte ere horrela zen. Musikoak aurreratu dira baina inguruko guztia ez. Orduan, ari gara kantatzen baina mikrofonorik gabe, eta besteek, espainolek-eta kriston ekipoa dute. Teoriaz, gu laguntzeko daudenek praktikan ez dute ezer egiten.
Aldaketarik egongo da?
Ez dakit, ez daukat iritzirik horren inguruan. eszeptikoa naiz erabat, ez baietz ez ezetz. Nire erantzuna da: ikusiko dugu, edo ikusi behar.
Bitartean, musika bera entzuten jarraituko dugu...
Tabernetan-eta gauza bera entzuten da irratietan ere horrela delako. Betikoak agertzen dira irratian, klasikoak, agertzen dira Junkera sasi-euskal musika hori, Benito, eta kitto. Gainerako guztiak ez gara.
Komunikabideok ez dizuegu aho-tsik ematen?
Batere ez.
Bada, hedabideetan agertzen dena ez dela diote...
Noski. Baina dena gezurra denez, dena itxura-egite bat denez, Euskal Herria osoa gezurra denez, euskal musika den moduan... Alor guztietan itxura egiten da etengabe. Euskal Herri osoa simulakro bat da. Euskadi Gaztea sortzen dute euskara bultzatzeko etabar, etabar, eta zer bultzatzen dute? Ba, erdara Klaudio Landarekin, erdara hutsa. Euskaraz egiten duen lana gorrotatzen dut. Nik gurago dut goardia zibil bat Klaudio Landa baino. Euzkadi Gaztea ipintzen duzu eta multinazionalen musika besterik ez da entzuten, euskal musikak ez du lekurik. Itxura egiteko balio digu, besterik ez.
Antton
Eztabaida piztu du behintzat
20.12.2002 - 11:28
Xabier Montoiaren zentsurak eztabaida piztu du jada. Ez da gutxi. Sustatu.com atarian badago ere zer irakurri gai honen inguruan. http://www.sustatu.com/1040292504
Garak iritzi artikulu bat argitaratu zuen abenduaren 19an (Duintasun nazionalaren eguna, gainera) http://www.gara.net/orriak/P19122002/art44384.htm
Irratia.com guneak ere elkartasuna adierazi du jada. http://www.irratia.com
Eztabaida piztu da eta jendea emailak idazten hasi da. egaztea@eitb.com eta Xabier Montoiaren kantak eskatzen.
Parte hartu dezagun guztiok. Idatzi zuk ere! Gure eskubidea baita.
Adierazpen askatasunaren alde! Hitz egin!
hitz egin!
|