Software librearen eta estandar irekien aldeko ekimen berri bat jarri da martxan. Beharrezkoa da erakunde publiko desberdinetan (hasteko Euskal Autonomi Erkidegoan), aldaketa bat ematea, software librearen alde benetako apustua eginez. Hori lortzeko gizarteko agente desberdinek egin dezaketen gauza bat, arlo guztietan (administrazioarekiko erlazioan, hezkuntzan, enpresan, ikerketan, etab.) software librea sustatzeko era argi batean eskatzea da. Horregatik, manifestu labur baina hausnartu bat prestatu da eta bertan Eusko Jaurlaritzari eta beste Euskal Administrazio Publikoei zer eskatzen zaion azaltzen da, eta baita eskaria egitearen arrazoi nagusiak ere.
Manifestuaren alde banaka nahiz talde edo kolektibo bezala sinatu daiteke. Edozein ideia, iradokizun, laguntza eta proposamenak helarazteko helbide honetara idatzi.